Korrika pasa da, eta orain zer?

Korrikan parte hartu duzu? Zu ere penatuta zaude bi urte luze falta direlako hurrengo Korrikarako? Emozioaren ajea daukazu eta zu ere ari zara online segitzen beste probintzietan egiten ari diren kilometroak? Lasai, normala da, eta berri on bat dugu, ez duzu bi urte itxaron beharrik!

Ilusioa, emozioa, irribarrea, malkoak, ohiuak... norberak bere sentimenduak ditu Korrikan, eta denok parte hartu dugu (bakoitza bere erara) "euskararen alde!", oihuak dioen bezala. Baina Korrika pasa da Nafarroatik, eta 2028ra arte ez da gure lurretara itzuliko.

Baina leloak dioen bezala, pasa gaitezen euskararen alde EGOTETIK euskararen alde EGITERA. Eta horretarako aukera berriak etorri zaizkigu:

  1. AEK Euskaltegietan, euskara eskola bat doan! Gonbidatu itzazu oraindik ere euskara ez dakiten zure lagunak edo senideak. 
  2. Mintzodromoetan parte hartu. Euskara ikasten ari bazara, zu bezalako askorekin batera egun ederra pasako duzu euskaraz mintzatzen. Bi deialdi ditugu.
    • Lehendabizikoa apirilaren 22an Iruñeko Baluarteko Ciudadela aretoan. Hemen eman dezakezu izena: Iruñerriko V. Mintzodromoa
    • Eta bigarrena maiatzaren 21ean, Nafarroako herri askotan, euskaltegiek antolatuta. Izen ematea hemen: 12eguna - Izena ematea
  3. Eta, noski, euskarazko kultur agenda gozatzeko aukera ere izanen duzu: Euskarazko agenda

Honela, Korrika urteko 365 egunetan biziko duzu, bi urte itxaron gabe.