Mintzakide eta Solaslagun taldeetan izen ematea irekita

Mintzapraktika egitasmoetan hasteko gogoa duten herritarrek edozein unetan jotzen ahal dute antolatzaileengana, parte hartzeko ateak beti irekita aurkituko dituzte eta, baina izaten dira bi une bereziki azpimarratzen direnak, euskaraz solastatu bidenabar une goxo bat pasatzeko gogoa dutenak taldeetara gonbidatzeko, ikasturte hasiera, eta oraingoan bezala, urte hasiera.

Mintzakide egitasmoak euskaraz praktikatzeko aukera eskaintzen die herritarrei, debalde. Hiru hamarkaden langa gaindituta, indartsu jarraitzen du mintzapraktika egitasmoak eta herri aunitzetan dago martxan. 

Nori zuzendua?

Egitasmoan euskaraz gehiago mintzatu nahi duen edozeinek parte hartzen ahal du; ez da bakarrik euskara ikasten ari direnentzat. 

Zertan datza? 

Funtzionamendua sinplea da: euskaraz ongi moldatzen den pertsona bat, hizkuntza maila hobetu nahi duen edo euskaraz hitz egin nahi duen lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gairen inguruan solastatzen dira. Normalean, astean behin elkartzen dira. 
Talde txikiak sortzen dira bakoitzaren aukerak kontuan hartuta (eguna, ordutegia, herria edo auzoa, zaletasuna…). 

Mintzakide edo Solaslagun taldeak, eskualdez eskualde

Nafarroan euskara praktikatzeko badira hainbat aukera: eskualde gehienetan eta herri aunitzetan badira mintzakide edo solaslagun taldeak. Hona hemen eskualdez eskualdeko informazioa eta izen emateko aukera.