Barnetegien eskaintza prest eta izen ematea irekia

Udako oporraldia eta planak prestatzen ariko da bat baino gehiago une honetan. Euskararen ikasketari bultzada emateko arras bide emankorra da udako barnetegiena, euskarazko giroan bete-betean murgilduta denbora gutxian nabaritzen baita hobekuntza.

Uda aitzinetik, asteburuko barnetegia maiatzean

Aurtengo maiatzean asteburuko barnetegiak eskainiko ditu AEK-k Etxarri-Aranatzeko kanpinean, euskaraz murgiltzeko egonaldiak izanen dira, eta ez, berez, azterketak prestatzeko.

Maiatzaren 8tik 10era A2.2 eta B1 mailakoen txanda izanen da, eta maiatzaren 15etik 17ra B2 eta C1ekoena. Prezioa 210 eurokoa izanen da eta Euskarabidearen dirulaguntza eskatzeko aukera izanen da. Xehetasun guztiak hemen aurkituko dituzue.

Informazioa orria.

Izen-emateak: martxoaren 26tik apirilaren 23ra.

Informazioa: AEKren euskaltegietan / irunerria@aek.eus  / 607 60 80 36

Udako barnetegiak

Euskara maila sendotzeko eta aitzinera pausoak emateko ez ezik, herri eta paraje berriak ezagutzeko ere parada ezin hobea eskaintzen dute udako barnetegiek. Izan ere, uda gozamenerako eta atsedenerako garaia da, eta horretatik ere aurkitzen ahal da barnetegietan, ohiko errutina eta bizimodutik aparte, giro lasai eta atsegin batean ematen baitzaio bultzada euskararen ikasketari. Helduen euskalduntzean ari diren entitateak dagoeneko hasiak dira uda honetarako prestatu duten eskaintza ezagutzera ematen.

AEK

AEK-k ezagutzera eman du bere aurtengo barnetegi eskaintza eta aurre matrikula zabalik egonen da maiatzaren 4ra arte. Maiatzaren 5etik aitzinera, berriz, matrikula egiteko epea irekiko da.

Eta propio udako barnetegiei dagokienez, honako hauek eskaintzen ditu erakundeak: mailaka antolatutako ohiko euskalduntze barnetegiak, ezagutza maila egiaztatzeko eta azterketak prestatzekoak, familia barnetegiak, barnetegi ibiltaria eta Xiberera barnetegia. Barnetegiak Foruan, Arantzan, Adunan, Urepelen eta Mendikotan eginen dira.

Maizpide euskaltegia

Maizpiden 12 egunekoak izaten dira udako ikastaroak, asteburu bat barne dutela, eta egunean zortzi eskola ordu ematen dira. Uztailean, abuztuan eta irailean egiteko antolatuta daude, maila guztietan. Matrikulazioa apirilaren 13an hasi zen.

Informazio orria.

Izen ematea.

Zornotzako barnetegia

Barnetegiak 6 ikastaro antolatu ditu uda honetarako (uztaila-iraila bitartean). Zornotzan ere, 12 eguneko iraupena izanen dute, eta egun bakoitzean 8 eskola ordu emanen dira. Barnetegiak bi erregimen eskaintzen ditu: pentsio osoan egotea (eskolak eta egonaldia) edo erdian (eskolak, kanpo-ekintzetan esku hartzea, etxera lo egitera joanez). Dagoeneko matrikula egiteko aukera dago.