Dena prest KORRIKA hasteko

Bihar abiatuko da 24. Korrika Atharratzetik. Martxoaren 29ra arte 2.180 kilometro eta 3.436 lekuko aldaketa eginen dira Bilbora bidean, hamar egunez, gau eta egun, etenik gabe. `Euskara gara´ lelopean, AEK-k antolatutako lasterketak euskara hauspotzea du helburu, baita bere jardunarekin jarraitzeko baliabide ekonomikoak lortzea ere. Nafarroa lehen egunetan zeharkatuko du.

Bihar, 15:30ean hasiko da 24. Korrika, Atharratzetik, 1985ean egin zuen bezala. Goizetik hasita jai giroa nagusituko da Zuberoako herrian.

Martxoaren 20ko goizaldeko 4:00 aldera sartuko da Korrika Nafarroan, Arnegitik (Nafarroa Behera) Luzaidera barna. Nafarroako Piriniotako herriak bisitatu ondoren, hego ekialderantz eginen du euskararen aldeko lasterketak. 

Martxoaren 21ean, larunbatean, Nafarroa erdialdea eta Erribera zeharkatuko ditu Korrikak, hain zuzen, aurtengo omendua den Errigoraren lurrak. 

Hilaren 22an, igande gauerdian, Mendigorriatik Iruñerako bidea hartuko du. Igande goizaldetik arratsaldeko lehen orduak arteko Iruñeko auzo eta inguruko herrietan barna ibiliko da lasterketa herrikoia. Arratsaldeko 17:00ak aldera Arazuritik Lizarrarantz joko du eta handik Vianara. 

Martxoaren 23ko lehen ordutan, Araba mendebaldea zeharkatuko Korrikak Oiondik Lautadara. Aguraindik Ziordirako bidea hartuta, astelehenean, 13:00etan, berriz ere Nafarroan sartuko da. 18:00ak aldera Sakana atzean utzi eta Lekunberri aldera joko du, Madoztik. Gauerdian Atallutik Gipuzkoarako bidea hartuko du. 

Ez du luze iraungo Nafarroatik kanpo. Izan ere, martxoaren 24an, asteartean, goizeko 6:00ak aldera, Berara iritsiko da Korrika. Bortziriak, Malerreka eta Baztan zeharkatu ondoren, nafar lurrak utziko ditu. 

Martxoaren 25tik 29ra Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herrietan barna ibiliko da euskararen aldeko lasterketa, gau eta egun. Bilbon bukatuko da aurtengo edizioa, martxoaren 29an, jai giroan. 

 

Korrikaren aplikazioa

Azken edizioetan bezala, AEK-k Korrika aplikazioa garatu du. Aplikazioa deskargatuz gero, martxoaren 19tik 29ra Korrika noiz non dabilen zuzenean jakin ahal izango da furgonetaren geolokalizazioaren bidez. Gainera, furgonetako zuzeneko irudiak emango dituzte.