Lau proposamen umoreaz gozatzeko

Ate joka dago Irrizikloren 2026ko edizioa. Aurten, lau umore-ikuskizun izanen dira Nafarroako Antzerki Eskolan, otsailaren 25etik martxoaren 18ra bitartean, eta ikuskizunetarako sarrerak dagoeneko salgai daude.

Umorea baliabide nagusi duen Irriziklo euskarazko antzerki programaren beste edizio bat abiatuko da datorren astean. Saio guztiak asteazkenetan izanen dira, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea), eta sarrerak erosi ahal izanen dira Eskolako txarteldegian (San Agustin kalea 3) eta webgunean. Saio bakoitzak 5 euroko prezioa du, eta ziklo osorako abonuak 16 euro. 

Inprofestakzioa izanen da lehenengo proposamena, otsailaren 25ean. Unean bertan sortutako antzerkia da, Inprolabel konpainiako bost antzezleren eskutik: Xabier Flamarike, Garazi San Martin, Jaione Urtasun, Xabier Artieda eta Lorena Arangoa. Inprobisazioa da ikuskizun horren gakoa, eta antzerkia, komedia fisikoa, clown-a eta musika uztartzen ditu.

Bigarrena martxoaren 4an taularatuko da: Las Katastrofen taldearen Beste bat antzezlana. Bi emakumek, Hatxek eta Zetak (Leire Olara eta Aratxo Angulo aktoreak), kirolik zailenean duten gaitasuna erakutsiko dute, Federaziorik ere ez duen kirolean: gauza borobilak bezala aldapa batean behera pirritan joatea, noraezean jaitsiz, oreka eta abiadura mantentzeko teknika baliatuz. Ikusle ororendako umore absurdo eta filosofikoko ikuskizuna dakar konpainiak.

Martxoaren 11n, bi bakarrizketaren txanda izanen da: Tartean Teatroa konpainiaren Txizatoki bat eszenatokian eta Hamalau piezak. Lehenengo lana Patxo Telleriak sortu eta interpretatuko du, eta Marcel Duchampen arteari buruzko gogoetaren ildoari heltzen dio. Duchampek duela ehun urte txizatoki bat jarri zuen ikusgai museo batean, eta Telleriak txizatokia agertokian jarriko du, ekintza sinboliko eta iraultzaile gisa, antzerkiaren kontzeptua kolokan jartzeko. Bigarren bakarrizketa Lutxo Egiarena da, eta Mikel Martinezek interpretatuko du: notario bat eraikin bateko hamalaugarren solairura doa bezero batek deituta, bertako terrazan “English suizidio” bat gertatu baita.

Eta zikloa amaitzeko, martxoaren 18an Magma Mia konpainiaren Jo! izanen da. Sorkun eta Grego (Anduriña Zurututza eta Beatriz Egizabal aktoreak), aspaldiko lagunak dira, eta denbora luzez elkar ikusi gabe egon ondoren, ezustean topo egiten dute. Kirolaren eta egoera absurdo bezain samurren bidez, protagonistek euren bizi-istorioetan oinarritutako “ikerketa antropologiko” berezi bat egiten dute.