Euskara maila egiaztatzeko probak

Nafarroako herritarrek euskaraz duten gaitasuna edo euskara maila egiaztatzeko zenbait aukera dituzte. Euskara maila egiaztatzeko ziurtagiriak garrantzitsuak dira lan-arloan, batez ere, administrazio publikoko lanpostuetan.

  • Hizkuntza Eskola Ofizialak

Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko  eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasle ofizialek maila guztietako agiriak lor ditzakete, A1etik hasi eta C1eraino. Azterketak maiatza eta ekainean dituzte.

Bestalde, modu librean, B1, B2 eta C1 mailako ziurtagiriak lortu daitezke. Hasiera batean, azterketak maiatza eta ekainerako iragarri bazituzten ere, covid neurrietara egokitzeko, euskarazko B2 eta C1 mailako idatzizko probak apirilera aurreratu zituzten.  

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean ere badago ziurtagiri ofizialak lortzeko aukera. 

  • Zubiarte euskaltegia

Zubiarte euskaltegiak A1, A2, B1 eta B2 mailetako euskararen gaitasuna egiaztatzeko probak antolatzen ditu. Egiaztagiriak Nafarroako Gobernuak ematen ditu eta balio ofiziala dute. 2021eko probara 2020-2021 ikasturteko ikasleak aurkez daitezke. 

A1 eta A2 mailetan deialdi bakarra izanen da, ekainean. B1 eta B2 azterketak ekainean eta irailean izanen dira. 

  • EGA titulua 

Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Departamentuaren bidez egiten dituen deialdietan C1 mailaren baliokidea den EGA titulua lor daiteke. Izena emateko epeak normalean azaroan edo abenduan izaten dira. 

  • Euskarabidea

Langile publikoek euskara ikastaroa egin ondoren egiaztatzeko azterketa egin dezakete eta ziurtagiria lortu. Maila guztietako ziurtagiria lortu daiteke: A1, A2, B1, B2 eta C1.

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoak C1 agiria ematen die Irakasle Gradua (Haur Hezkuntzan nahiz Lehen Hezkuntzan) euskaraz egina duten ikasleei.

Agiri horiek guztiek behin betiko balio dute, hau da, ez dute iraungitze-datarik.