Sanferminak euskaraz bizitzerik bai?

Hemen dituzu gako batzuk festak euskaraz bizitzeko.

Iruñean bakarrik ez, Lesakan ere hasiko dira sanferminak heldu den astean. Batean zein bestean euskarak presentzia ezberdina dauka, ekitaldietan zein kaleetan, baina bietan dugu aukera festak euskaraz gozatzeko. Hemen dituzu gako zenbait:

  1. Nafarroako hainbat Udalek kanpaina bereziaren bidez dioten bezala, “festetan euskaraz jantzi” behar gara. Egin lehen hitza euskaraz, ziur uste baino harreman gehiago eginen dituzula euskaraz: lagunekin, ezezagunekin, ligoteoan, tabernariekin, langileekin, musikariekin, erraldoiekin...

  2. Jakina da sanferminetako xarma kaleko giroa dela, musika, txarangak, dantza, kantua... Baina badira antolatutako jarduera ugari ere, eta horietako asko euskaraz.

Lesakan gehienak euskaraz dira, eta Iruñean aniztasun ikaragarria dago. Nafarroako hiriburuan jarriko dugu fokua orain, aktiboki euskaraz diren jardueren berri emateko:

  • Haurrentzako zer? Askatasun plazan txotxongiloak uztailaren 6an, 8an eta 12an, 20:00etan. Goizean ere hamaika ekitaldi daude, erraldoiak, noski, baina baita Birjolastu, Hauek festak hauek! eta Kirolari Sport Kids jarduerak ere, baina ezin dizuegu ziurtatu euskaraz izanen direnik.

  • Kontzertuak euskaraz: Gaztelu plazan (Brigade Loco, Neomak, Merina Gris, Etzakit...), Compañia plazan (Puntutakoma, Euskoprincess...), Baratxurien plazan (Trikiteens, Bisaiak, Guri bost, Naxker, Mirua, Maruxak, Zinez...), Oinez txokoan (Leizeak, La Basu, Antigona, Aiko, Trikidantz, Korrontzi, Sustrai berriak...) eta beste hamaika txoko eta ostatutan.

  • Bertsolariak ere bai: San Jose plazan, uztailaren 7an eta 9an bertso-saioak eta 11an “Ez da kasualitatea” saio musikatua.

  • Euskararen arnasguneak: Iruñeak baditu euskara bizi-bizirik dauden txokoak. Bisitatu, besteak beste, Laba, Karrikiri edo Zaldiko Maldiko elkarteak.

Eta esan bezala, eskaintza zabal-zabala da, hemen dituzue hainbat egitarau:

Eta ekitaldiak zuzenean jarraitzeko, deskargatu Andestarán app-a eta konfiguratu euskaraz!

Azkenik, sanferminak etxetik, lantokitik edo atzerritik bizi behar badituzu, piztu Euskalerria irratia, Eguzki irratia, Xaloa Telebista, Hamaika telebista edo etb1.

Gozatu sanferminak!