Jaietan euskaraz jantzi!

Jaiak esparru ezin hobea dira komunikaziorako, baita komunikazioa euskaraz egiteko ere. Horregatik, Nafarroako hainbat udalek kaleak eta harremanak euskaraz janztera dei egin dute, udal bakoitzeko jaietan euskarari protagonismoa emateko asmoarekin.

Nafarroako hainbat udalek festetan kaleak eta harremanak euskaraz janztera eta euskarari protagonismoa ematera dei egin dute bigarren urtez, Jaietan euskaraz jantzi! ekimenarekin. Festak, bestak, pestak, jaiak... edonola izendatuta ere, euskaraz gozatzea da garrantzia duena. 

Kanpaina hau gauzatzeko, hainbat aholku eskaini dira:

  1. Lehen hitza euskaraz egin.
  2. Ez izan beldurrik hanka sartzeari eta euskaraz mintzatu, hizkuntzak hanka sartuz ikasten baitira.
  3. Euskaraz mintzatzea ohitura bat da, eta ohitura guztiekin gertatzen den bezala (kirola, erretzeari uztea, dieta…) alda daiteke. Hortaz, beste euskaldunekin gaztelaniaz egitetik euskaraz egitera igaro zaitezke.
  4. Euskaldunen artean euskaraz ere solastu ahal izateko, konplizitatea eskatu behar zaio euskara ez dakienari, euskalduna ez izan arren, lan handia egin baitezake hizkuntzen berdintasunaren alde.

Kanpainara Atarrabia, Aranguren, Berriozar, Burlata, Esteribar, Gares, Tafalla, Uharte eta Zizur Nagusiko udalak gehitu dira eta, bigarren urtez, Euskara Zerbitzuek antolatutako baliabideak izango dituzte eskura festak ahalik eta euskaldunenak izateko, besteak beste, lona edo pankartak, zapiak, kartelak, txoznetan eta tabernetan euskaraz eskatzeko gida azkar bat, eta tabernari eta txandalarientzako aholku eta hitz erabilienen zerrenda ere. Pegatinak ere eskura izanen dira gune ezberdinetan, arropetan jantzi eta euskarazko komunikazioa bideratzeko. Honekin batera, jaietako egitarauan euskarazko jarduerak izanen dira, euskararen arnas gune gisa funtzionatuko dutenak, helburua euskara jarduera eta esparru guztietara zabaltzea baita.