Ikasi edo hobetu zure euskara. Doan aterako zaizu!

Nafarroako Gobernuak %100eko dirulaguntza emanen du A1 eta A2 mailan eta gainerako mailetan 475 eurora artekoa. Laguntza horiek bateragarriak dira toki entitateek ematen dituztenekin. 

 

Helduen euskalduntzea sustatzeko `Euskara Ahora´ kanpaina bateratua aurkeztu dute Nafarroako zenbait entitatek eta eragilek: Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez; Nafarroako 35 toki entitatek; Zubiarte euskaltegiak, Hizkuntza Eskola Ofizialak, gizarte ekimeneko AEK eta IKA euskaltegiak eta Bai&By-k. 

Euskaltegietako matrikulazio epea irekitzearekin batera, Nafarroako herritarrak euskara ikastera edo hobetzera eta, horretarako, euskaltegian izena ematera animatu dituzte. “Ez pentsatu gehiago: Ikasi euskera/Hobetu zure euskera. Doan aterako zaizu” leloarekin dirulaguntza publiko garrantzitsua azpimarratu da. Kanpotik Nafarroara etorri diren herritarrak ere gonbidatu dituzte. 

Sustapen-kanpaina irail osoan eginen da. Kartelak eta sare sozialak erabiliko dira eta iragarkiak jarriko dira tokiko komunikabideetan eta markesinetan. 

 

%100eko dirulaguntza A1 eta A2 mailan

Nafarroako Gobernuak joan zen urtean %100 dirulaguntza eman zuen lehen aldiz A1 mailan, eta eraginkorra izan zen. Izan ere, euskaltegietako A1 mailako ikasle kopurua %54 igo zen. Bi horri jarraiki, ikasturte honetan A2 mailako ikasleek ere %100 dirulaguntza jasoko dute. Gainerako mailetan gehienez ere 475 euroko dirulaguntzak jaso daitezke. Eskaera egiteko epea azaroaren 3an bukatuko da. 

Euskarabidearen dirulaguntzak bateragarriak izanen dira toki entitateek ematen dituzten laguntzekin. Elaide webguneko dirulaguntzen atalean toki entitateen dirulaguntzen berri aurkituko duzue.


Hurbildu gertuko euskaltegira

Euskaltegiek bost hamarkada daramatzate Nafarroan euskara irakasten, euskarazko hiztunak sortzen, nafarrak euskaraz bizi daitezen bultzatzen eta euskarazko kultura zabaltzen. 

Euskaltegien ordezkariek gertuko euskategian edo lantokitik gertu dagoenean izena emateko deia egin zuten. Elaide webgunean eskura duzue Nafarroako euskaltegien mapa

 

Ingura: euskara ikasteko plataforma digitala

Nafarroako Gobernuak euskara ikastea guztien eskura jarri nahi du Ingura plataforma digital publikoaren bidez. Dagoeneko A1, A2 eta B1 mailak egin daitezke. Bi modalitatetan egin daiteke: nor bere kasa edo euskategi batean izena emanda, ikastaroa tutoretzapean egin ahal izaneko.