Errigorak Eskutik Eskura udaberriko kanpaina abiatu du

“Eskutik eskura egiten dugun herria” lelopean, Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko produktuak eskuratzeko aukera izanen da martxoaren 18ra.

Eskutik Eskura Errigoraren bi kanpaina nagusietako bat da, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko plazara ekarri nahi dituena. Eguneroko kontsumo-ohituretan eragiteko modu bat da, beste askoren artean. Kontsumitzeko modua aldatuz, ekoizteko eretan eragiteko bide bat.

Praktikan, oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz, pasta, lekale eta kontserba sortak eskaintzen dira, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta, urte guztirako besteko eskaera egitera gonbidatuz. Horretarako, olioa bidoi handitan saltzen da, eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortatan; salbuespena dira arroza, ardo sortak eta arbendolak, seiko lotetan banatuko direnak.

Aurten, berrikuntza hauek izanen dira: ardo sortak barietatearen arabera, babarrun zuri ekologikoak, pikillo piper zati ekologikoak, arbendol sortak motaren arabera, edota pasta mota berriak.

Eskaerak egiteko bi modu daude: Online, errigora.eus webgunean, edota telefonoz (848871223). Egindako eskaerak, apirilaren amaieran edota maiatzaren hasieran banatuko dira.

Eragin saskiari!

Kontsumitzaileei hausnarketa eragiteko asmoz, “Eragin saskiari!” ekimena eginen dute aurten, kanpainaren aurkezpen bira Euskal Herriko 6 herritara eramanez. Iruñean, hilaren 11n izanen da, Laban, 10:30ean hasita. Emankizun-formatu berezia izanen da, aurkezpen marrazkitu baten bidez eginen baita, Asisko Urmeneta marrazkilariaren eskutik, eta horietan hausnarketa kolektiboa egiteko tartea izanen da. Kanpaina amaitutakoan, Errigorak kontsumitzaileen hausnarketa kolektiboa kaleratuko du.