AEK-k matrikulazioa ireki du "Euskara hurbil, zu urrun heltzeko" lelopean

AEK-k, euskara ikasteko “bidelaguna” izango dela adierazi du, matrikulazio kanpainaren aurkezpenean. Pandemia iragan osteko joerarekin jarraituz, AEKn argi ikusten dute urrian hasiko den ikastaroan jende gehiago hurbilduko dela euskaltegietara.

AEK-ko euskaltegiek ikasturte honetarako matrikula ireki dute "herritarrak urrutira iristeko euskarak irekiko dizkien ateetatik", adierazi du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak, betiko ilusio eta eskaintza "hurbilarekin" datorren ikasturte berriaren aurkezpenean.

"Euskara hurbil, zu urrun heltzeko" da aurten AEK-k bere matrikulazio kanpainarako aukeratu duen leloa. Mezu honekin elkarte euskaltzaleak bere eskaintzaren aniztasuna eta bere irakasleen laguntza pertsonalizatua erakutsi nahi du euskara maila hobetzeko eta ikasteko bidean. Eta are gehiago jendea oposizioak eta abar prestatzen ero moduan dabilen garai batean. "Berriro da garaia euskara ikasteko, euskara maila hobetzeko, erabiltzen jarraitzeko, familia eta gizarte harremanak euskaraz izateko, lan egoera hobetzeko, etab. ", adierazi dute

AEKren esanetan, azken ikasturteetan euskaltegien lana "oso bizirik" dagoela erakutsi dute, milaka pertsona hurbiltzen baitira "euskara ikastera eta praktikatzera". Azken ikasturtean 12.000 lagun matrikulatu ziren AEK-k Euskal Herriko hainbat hiri, herri eta auzotan dituen 100 euskaltegietako batean. Gainera, online ikastaroen bidez, ikaslea dagoen gunera iristen da, eta, beraz, "gertu, herritarrak urrutira irits daitezen, euskarak irekiko dizkien ateak zzabalduz", adierazi dute Koordinakundetik.

Urrian hasiko den ikastartean, AEKn euskara ikasteko aukerak askotarikoak izango dira. Euskaltegietan, talde presentzialak egongo dira (ohiko euskalduntze-ikastaroak eta mailak egiaztatzeko ikastaroak), autoikaskuntza euskaltegian eta etxean, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuko dituen eredu konbinatua, eta online ikastaroak.

Laguntzak lurralde guztietan

Kanpaina berriaren aurkezpenean, AEK-ko arduradunek azpimarratu dute erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunitateek, Iruñeko eta Lakuako gobernuek...) euskara ikasteko laguntzak ematen dituztela.

Nafarroan aurten laguntzak pixka bat handitu dira. «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek laguntza horien berri izatea, euskarara eta euskaltegietara hurbiltzeko ezinbesteko elementua direlako».

Informazio gehiagorako: AEK, ELAIDE, Euskarabidea