Durangoko Azoka, euskal kulturaren erakusleiho nagusia, ate-joka dugu. Abenduko lehen egunetan, euskaltzale eta kulturazale ugari bilduko dira Landako Gunean, azken nobedadeen bila. Euskara ikaslea bazara, aukera paregabea duzu zure euskara maila hobetzeko eta euskal literaturaz gozatzeko. Baina, zer liburu aukeratu? Hona hemen gomendio batzuk.
Etxe arrotz honetan
Olatz Mitxelena
Narrazioak
Susa
Olatz Mitxelenak liburu honetan hamar ipuin jaso ditu, etxeak eta etxeen bueltan sor daitezkeen deserosotasunak dituenak hizpide. Areago, gizakien arteko harremanetan sakondu nahi izan du, eta ipuin bakoitzaren atzean bigarren esanahiak, metaforak eta sinboloak daude.

Drakula
Idazlea: Bram Stoker
Itzultzailea: Ana Morales
Eleberria
Elkar
Abokatu britainiar gazte bat, Jonathan Harker, Transilvania urrunera bidaian doa, hango bezero misteriotsu batek deiturik, Londresen etxe bat erosi nahi duela eta. Karpato mendi malkartsuetako gaztelu batean ezagutuko du Drakula kondea, eta, hortik aurrera, era guztietako emozioak piztuko dituen abentura-sorta abiatuko da pertsonaia gogoangarrien talde baten eskutik. Terrorezko klasiko handi bat da eleberri hau, banpiroen istoriorik ezagunena, guztion iruditeria kolektiboan leku nabarmena duena.

Gramo bat
Idazlea: Nerea Loiola
Irudigilea: Maider Leturiaga
Album ilustratua
Erein
Hiru semeren ama batek laugarren haurdunaldia etetea erabaki du, eta, ordutik aurrera, izan zitekeen haurrarekin bakarrik hitz egiten du horri buruz. Prozedura medikoaren hoztasuna eta bizipen intimoa uztartuz, album ilustratu honek isilean bizi ohi den dolu bat azalarazten du. Izan ere, izan zitekeen horrek gramo bat baino ez du pisatzen, baina haren absentziak bizitza oso bat hartuko du.

Langile baten alaba
Irati Elorrieta
Eleberria
Pamiela
Bere amamaren figurari jarraiki, Bizkaiko emakumezko langileen genealogia bat osatuko du idazleak, Annie Ernaux eta W. G. Sebalden bidetik, non etengabe ageriko den norbere kezka, galdera eta zalantzen indarra. Ernaux eta Sebald XX. eta XXI. mendeetako europar literaturako bi idazle garrantzitsuenetakoak dira. Biek dute lotura estua memoriarekin, historiarekin eta norberaren esperientziaren kontakizunarekin, baina oso estilo eta jatorri desberdinetatik abiatuta.
Mundua lo datzan bitartean: Palestinako istorio, hitz eta zauriak
Idazlea: Francesca Albanese
Itzultzailea: Koldo Biguri
Lekukotza
Txalaparta
Francesca Albaneseren liburu honek Palestinako errealitatea modu sakon eta gordin batean erakusten du, hamar pertsonaren bizipenetan oinarrituta. Testigantza horiek palestinarren eguneroko bizitzako zailtasunak azaltzen dituzte: kontrol militarrak, etxeen suntsipena, desplazamendu behartuak… Aldi berean, protagonistek erakusten duten erresistentzia, duintasuna eta komunitatearen indarra nabarmentzen dira. Albanesek ikuspegi juridikoa gehitzen du, nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideen markoa erabiliz egoera salatzeko.

Orratzak paperezko tximeletari
Gerardo Markuleta
Poesia
Alberdania
Liburu honetan, mikropoemak topatuko ditu irakurleak, haiku japoniarretan oinarritutakoak. «Haikuek arau zorrotzak dituzte eta nik ez ditut bete, bakarra bete dut, neurriarena», azaldu du egileak. Izan ere, haikuek hiru bertso lerro izaten dituzte eta bost, zazpi eta bost silabatakoak izaten dira: «Erronka hori oinarritzat hartu nuen eta hala sortu ditut poemak, baina beste arauak ez ditut bete». Izan ere, haikuek, besteak beste, urteko sasoi bati erreferentzia egiten dion hitz edo irudi bat izan behar dute, eta beti idazten dira orainaldian.