Nirliit: Inuiten lurraldea ezagutzeko aukera on bat

Hona hemen uztailako literatur proposamena: Juliana Léveillé-Trudelen ´Nirliit´, Aiora Jakak euskarara itzulia (Txalaparta, 2021).

Batzuetan paisaiarik  ederrenek errealitaterik ankerrenak ezkutatzen dituzte. Horixe geratzen da inuiten lurralde hotzetan. Hango biztanleek —batik bat emakumeek— indarkeria, alkoholismoa, droga-menpekotasuna eta arrazakeria pairatzen dituzte, eta ugariak dira suizidioak. Horien berri ematen du liburuko protagonistak, antzarak bezala —hori baita Nirliit hitzaren esanahia—, udaro joaten baita paraje horietara lanera.

Eleberria ederra bezain gogorra da. Bizimodu latz horren erdian laguntasun keinuak, naturarekiko atxikimendua eta kultur adierazpenak bizirako heldulekuak dira. Protagonista hegoaldekoa da, zuria, baina desagertua dagoen —bere gorpua itsasoaren hondoan dago— bere lagun inuit Evari kontatzen dio zertan den orain bere lurraldea izandakoa. Asimilazio kultur oso bortitzaren erdian, laguntasun istorio hunkigarri bat kontatzen digu Juliana Léveillé-Trudel egileak berak bizi izandakoan oinarritua, Aiora Jakaren itzulpen ederrean. 

“Zenbat denbora izaten duzue zuen edertasun liluragarria bizitza ipartarraren gogortasunak suntsitzen duen arte? Zenbat denbora, zuen haurdunaldi ugariek eta bata bestearen atzetik irentsitako Coca-colek hogei bat kilo gizentzen zaituzteten arte? Zenbat denbora, alkoholak eta zigarretek eta lorik gabeko gauek zuen aurpegiak behar baino lehen zimurtzen dituzten arte, Coopen eskura daitezkeen dozenaka gozoki klaseek zuen hortz gehienak usteltzen dizkizueten arte? Zenbat denbora, hogeita bost urterekin berrogeiren itxura izan arte? Batuzetan biziki azkar gertatzen da, batzuetan zuen goren puntua hamahiru urterekin lortzen duzue eta hamalaurekin galtzen, batzuetan gogorregiak izaten zarete zeuekin edota bestela bizitza zuhurregia zuekin, batzuetan hamalau urte eta zimelduak jada Iparraldeko arrosa politak.” (Nirliit, Txalaparta 2021)

Gaurkotasun handiko gaia da erakundeen arrazakeriarena. Egunotan Kanadan milaka gorpu aurkitu dituzte, izen-abizenik gabekoak, barnetegi izandakoetan. Hara eramaten zituzten indigenak asimilazio kulturala helburu, eta era guztietako gehiegikeriak jasan behar izan zituzten: gurasoengandik banantzea, uniformea jarraraztea, ilea moztea, ama hizkuntza debekatzea, haien sinesmenak ukaraztea, izen berria ematea, sexu-erasoak… Mota horietako eskolak XIX. eta XX. mendeetan sortu zituzten, eta Estatuak finantzatu eta elkarte erlijiosoek kudeatzen zituzten.