Larraun aldea ezagutzeko zenbait proposamen

Joan zen udan hasitako bidea jarraituz, aurten ere Nafarroako txoko ederrak bisitatzeko proposamenarekin gatoz: oraingoan Nafarroako ipar-mendebaldean dagoen Larraungo harana eta inguruak ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.

Larraungo herrietan bizirik daude beste leku batzuetan oroitzapen hutsa baino ez diren tradizioak. Euskara ere osasuntsu dago, hori baita bertakoen eguneroko hizkuntza. Hain zuen, bertako ondore hori nabarmendu nahi du UEMAk bultzatutako “Bertatik bertara” kanpainak. Larraungo zenbait jatetxek eta Plazaola Turismo Bulegoak kanpainarekin bat egin dute.  

Aralarren magalean kokaturik, Larraun bailarak hamaika altxor ezkutatzen ditu: larre berdeak, haritz basoak eta pagadiak, baserri handiz osatutako herrixkak, Plazaolako Bide Berdea eta bailarari izena ematen dion Larraun ibaia, besteak beste.

Hemen duzue ezinbesteko bisiten zerrenda:    

  • Aralarko San Migeleko santutegia

Aralarko San Migel in Excelsis santutegia XII. mendekoa. Artxueta menditik gertu eraikia, Beriain aurrez aurre duela. San Migelgo behatokiak bista zoragarriak ditu. 

Oinez igotzeko zenbait aukera daude. Nahigo izanez gero, kotxez ere igo daiteke Lekunberritik edo Uharte Arakildik.

  • Mendukilo lezea

Orain arte espeleologo eta abenturazale gutxi batzuen eskura zeuden Aralarko erraiak. 2005etik aurrera edonoren esku jarri zituen Astizko Mendukilo lezeak. Lezerako sarbidea Lekunberri eta Madotz arteko errepidean dago. Bisita egiteko komenigarria da aurretik erreserba egitea (informazio gehiago: 948 39 60 95 edo www.mendukilo.com). 

  • Iribasko iturburua

Lekunberritik 2 km-ra, Aralarko San Migelera igotzen den errepidean, Iribas herria dago. Bertatik ateratzen da Iribasko iturburuko ibilbidea, 5 kilometrokoa. 

  • Oderizko trikuharrien ibilbidea

Ibilbide honek Oderitz herriko lurretan dauden lau trikuharri lotzen ditu: Pikabotz, Milaladapa, Azolape eta Pagamendi. Ibilbide erraza da, 3,6 km-koa.

  • Plazaolako Natur Bidea

1914ko urtarrilean Plazaolako lehen trena atera zen Iruñetik. Mehatzeko tren zaharra bidaiari-tren bilakatu zen, eta Donostia eta Iruñea lotzen zituen, tunelez, magiaz eta historiaz betetako trenbide-linea bihurri eta eder batetik.

Garai bateko trenbide zaharraren lekua hartu du Plazaola natur bideak. Oinez edo bizikletan egiteko egokitutako bidea da, familia edo lagunekin inguru natural paregabe batekin goza dezazun. 

Lekunberriko geltokia ibilbidearen abiapuntua izan daiteke. Bertan daude turismo bulegoa, erakusketa-aretoa eta jokoen bagoia. 

  • Ixkierko urjauzia eta Hiruzubi ibilbidea

Lekunberriko Plazaola Geltokia balio natural handiko beste ibilbideen abiapuntu ere bada. Horien artean daude Ixkierko urjauzia eta Hiruzubide ibilbidea

Larraun ibaiaren ertzetik doan bidea hartuta, 2,3 kilometrora dago Ixkier urjauzia, eta alde batean ditu “Izquer” errota zaharraren hondakinak. 

Bideari jarraituta, Hiruzubide ibilbidearen hasiera dago, hiru zubien ibilbidea, hain zuzen. 10 kilometro inguruko joan-etorria da. 

 

Informazio guneak