“Egunean Behin” lehiaketak 10. denboraldiari ekin dio, herritarren jakintza eta trebezia neurtzeko

Aplikazioa itxuraldatuta itzuli da eta galderetan ere berrikuntzak izango dira. Telebista bidezko zuzeneko finalarekin amaituko da saioa, urtarrilaren 5ean

Astelehen honetan, irailaren 26an, hasi da 'Egunean Behin' lehiaketaren 10. denboraldia. Azken deialdietan bezala, herritarren jakintza, trebezia eta matematiketarako abilezia neurtuko dituzte saioaren galderek, eta herri ikuspegitik egindakoak ere izango dira: euskal gaiekin lotuak, euskal geografiarekin lotura dutenak, etab... Hala ere, saioaren arduadunek nabarmendu dutenez, aplikazioa itxuraldatuta itzuli da eta galderetan ere berrikuntzak izango dira.


Hamabi asteko denboraldia izango da orain hasi berri dena, eta, aurrekoetan bezala, telebista bidezko zuzeneko finalarekin amaituko da, urtarrilaren 5ean. Inork ez du zalantzan jarriko CodeSyntax enpresak 2019ko martxoaren 4an sortutako aplikazioak urrats garrantzitsua eman duela EITBren eskutik. Ikus-entzunezko taldearen babesarekin, telebista eta telefono mugikorraren arteko aldibereko 'Biba Egunean Behin' lehiaketarekin amaitu dira azken hiru denboraldiak. Halaber, aurtengo Korrika bukatu zen egunean, 'Egunean Behin partida flasha' jokatu zen Donostiako Boulevardean, ehunka pertsonen parte hartzearekin.  


Jakina denez, tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da 'Egunean Behin', eta izenak dioen bezala, lehiakide bakoitzak partida bakarra jokatzeko aukera du egunean. 10 galdera erantzun behar ditu, ahalik eta azkarren. Hala, zenbat eta gehiago asmatu, eta zenbat eta azkarrago, hobeki.  


Asterik aste babesleek eskainitako sariak izango dira, bat lehiaketako irabazleentzat eta beste bat zozketaz. Adi, telefono sorta berezi bat ere zozketatuko da aste batean. Sarien artean daude: Samsung telebista adimentsua (32’’), Vivo telefonoa, Android euskaraz, Xiaomi Poco telefonoa, Android euskaraz, Bi Chromecast, zozketaz emateko.


Horiek horrela, beste behin, familia, lagunarte, enpresa eta ikastetxeetan sortutako taldetxoetan biziko den lehia eta giro ona izango dira protagonista 'Egunean Behin'go denboraldiak iraungo duen 12 asteetan.