Adur Azken Erronka, Telegram bidez jokatzeko euskarazko rol jokoa

Duela urtebete kaleratu zen `Adur´, euskal Erdi Aro mitologikoan girotutako rol jokoa, formatu fisikoan. Eneko Azedok sortu zuen crowdfunding kanpaina batean finantziazioa lortu ondoren. Sortzaileak urrats bat aurrera egin du orain: on-line bertsioa sortu du.

Adur rol jokoaren unibertsoan "Iruñeko Erresuma, Basajaunak, Lamiak, Mari jainkosa bera eta beste hainbat izaki miresgarri agertzen dira. Jokoaren barruan jokalariek sorginak, gerlariak, nekazari, artzainak eta bestelako pertsonaiak irudikatuko dituzte. Jokoak euskal historiako gertaerak eta elementu miresgarriak nahasten ditu, eta jokalariek aurkituko dituzten egoera zailei nola aurre egin erabaki beharko dute. Natura osoan zabaltzen den Adur bizi indarra erabiltzen ikasi, eta sorginkerien bitartez ingurunea eraldatu ahal izango dute erronkak gauzatzeko".

Esan bezala, Adur rol joko horren bertsio digitala da Adur Azken Erronka. Testualki jokatzen da, Telegrameko esteka honetan sartuta, eta bertan dauden aukeretan aurrera eginez. Esate baterako, eszenatoki desberdinak daude jokoan, eta aukera egiten baduzu batean, Telegrameko talde batean sartuz egiten duzuna da ingurune horretara salto egin.

Doakoa da jokoa eta web bidez zein aplikazioaren bidez joka daiteke Telegramen. Dozenatxo pare bat lagun aritu dira azken asteetan adiktiboki itsatsita, jakin dugunez.

Teknikoki, Adur Azken Erronka zera da, Lineako jokalari anitzeko rol-joko masibo edo JUERJOI bat. Adurren sortzaile Eneko Azedok honela itzuli du kontzeptua: "Jokalari Ugarirentzako Euskal Rol Joko Online Itzela", JUERJOI bat, laburtuta. Horrek esan nahi du jokalariak ez dabiltzala bakarrik jokoaren barruan Iruñeko Erresuma digital mitiko horretan. Era horretan, elkarrekin bidaiatuz eta elkarri lagunduz, jokalariek informazioa eta objetuak truka ditzakete, pertsonaiek erronkak gainditzeko, jokoaren helburua lortzeko: heroiaren bidea gauzatzea.

Jokoan aritzeko baldintza hauek bete behar dira:

•    Gutxienez 16 urte izatea.
•    Jokoak ez du datu pertsonalik gordetzen. Ezarri itzazu Telegrameko 'Pribatutasun eta Segurtasun' ezarpenak beste jokalariek zure telefono zenbakia ikus ez dezaten.
•    Joko barruan esaten dena beste jokalariek ikusi ahalko dute. Ezin da hizkera zatarrik erabili ezta beste jokalarien eskubideak urratzen duenik esan ere.
•    Jokoa doakoa da, debekatuta dago jokoaren barruan diru egiazkoarekin salerosketak egitea.
•    Jokoaren barne-arauak bete egin behar dira beti.
•    Baldintza hauek urratzen dituena jokotik kanporatua izango da. 

Informazio gehiago hemen.

Jokoan Telegramen zuzenean sartzeko: sartu hemen.