Sotoan gordeak: eleberri beltzekin hasteko aukera on bat

Miren Gorrotxategi (Azpeitia, 1981) 33 ezkil nobela beltzarekin ezagutu genuen. Zabalkunde handia izan zuen eleberri hark, eta, gainera, Imanol Rayok oinarri hartu zuen Hil kanpaiak filmerako. Hortaz, bere bigarren eleberria du Sotoan gordeak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak bultzatutako (H)ilbeltza bekari esker idatzi duena.

Liburua Guggenheim museoko erakusketa batean hasten da. Bertan daude Nora eta Alex bikotea. Bat-batean Nora zorabiatzen da ezusteko zerbait ikusten duenean. Egun berean, Noraren aita hil egiten da. Bilbotik Bianara jauzi egiten du eleberriak, hangoa baita Noraren familia eta bertan du upategi bat. Denboran ere jauzi egiten du eleberriak 2009tik, 2009ra eta1989ra. Gordetako sekretuek eta estalitako gertakariek kateatzen dituzte hiru aro horiek.  

Ezohiko eleberri beltza da gertakizunak upategi batean gertatzen direlako eta ez giro underground batean eta, gainera, ez dago detektibe edo poliziarik —esan gabe doa, gizonik—. Emakumeen tokia nabarmen da eleberri honetan.  Egia esan, atsegina da Gorrotxategiren eleberriak irakurtzea kontraesana dirudien arren eleberri beltza atsegina dela esatea.

Euskal eleberri beltzei dagokienez, esan beharra dago aski ezagunak genituela  Jon Arretxek idatzitako Touré detektibearen sagako eleberriak, Bilboko San Frantzisko auzoan kokatuak eta Erein argitaletxearen Uzta gorria izeneko bilduman argitaratuak. Bilduma horretan aurki ditzakegu euskaraz sortutako eleberri beltzak zein itzulpenak.

Elkar argitaletxeak Ateko bandan bilduma dauka. Bilduma horretan aurkituko ditugu Alberto Ladron Arana eta Iñaki Irasizabalen lanak. Bilduma hori aproposa da oso euskara ikasten ari direnendako, era guztietako liburuak baitaude, gazte zein helduendako, ez bakarrik eleberri beltzak.

Txalaparta argitaletxeari dagokionez, Baztango Udalarekin elkarlanean antolatutako (H)ilbeltza bekaren lehen emaitza  Miel Angel Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak izan zen, Guatemala Baztanekin lotzen zuena. Bigarren (H)Ilbeltza beka Josu Barambonesen eskuratu zuen Patricia Highsmithen The Blunderer euskaratzeko Lardaska izenaren pean. Bekaren hirugarren emaitza da  izan da Gorrotxategiren eleberria.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi Igela argitaletxearen Sail beltza. Nobela beltz klasiko ugari euskarara ekarri dituzte bilduma horretan. Azken aldian liburuak berrargitaratzen ari dira, azala berrituta.