Oporretan dastatu bertakoa

Aurtengo oporrak bestelakoak izanen direla zalantzarik ez dago. Sekulan ez bezala, uda honetan, bertan behera geratuko dira hainbat plan, batez ere, atzerrirako bidaiak eta hegaldiak. Erabaki horrek, ordea, beste modu bateko oporraldiak antolatzea ekarriko du, bestelako guneetan jarriz fokua: gure inguruko herri, mendi eta hondartzetan.

Bertakoaz gozatzeko aukera bikaina dugu, hortaz, eta UEMAk turismoa sustatzeko azkeneko kanpainan azpimarratu duen moduan, “gure herria, gure produktuak eta gure hizkuntza” aldarrikatzeko garaia da.

Bidaiatzerakoan esperientzia berrien bila abiatzen da turista, zerbait ezberdina ezagutu eta bizi nahian, horrek aberasten baitu bidaia. Bereizgarri hori euskara da udalerri askoren kasuan, eta aldi berean, ezaugarri hori bera izan daiteke turismoa erakartzeko ardatza. Izan ere, datozen bisitariek eskertu egiten dute tokian tokikoa deskubritzea, nola gastronomia hala hizkuntza. Eta azken honi dagokionean estimatu egiten dute herriko errotulazioan, alojamenduetan, komertzioetan zein kalean euskara entzun eta ikustea. Horrela ondorioztatu zuten Leitzako, Zumaiako eta Bermeoko udalerriek, UEMArekin batera egindako azterketa batean.

Nolanahi ere, sentimentu hau ez da kanpotik datozen turistena bakarrik, bertako herritarrek ere balioan jartzen dute. Zentzu horretan, txoko eta leku eder askoak bisitatu ditzakegu: kostaldeko herriak, zein barne aldekoak. Aunitzen artean aukeratu dezakegu, baina bat hautatzekotan,  Baztan proposatuko dizuegu.

Baztan bailara hamabost herri zoragarrik osatzen dute. Bertako arkitektura, natura eta gastronomia aberatsa da, eta hainbat bide daude horiek ezagutzeko.  Hiru egunetako egonaldia eskaintzen duen proposamena esaterako. Alde batetik, mendi ibilaldiak daude, trikuharriak, mairu-baratzeak edo megalitoak ikusteko. Bestetik,  jauregi eta dorretxe ikusgarriak, herriz herri. Edota Arizkungo Bozate auzoan Santxotena Parke Museoa bisitatu daiteke, euskal miotologiari eskainitako eskulturak dituena. Eta bide batez, bertako auzokoek garai batean jasan zuten arrazakeria eta bazterkeria historia ere kontatzen dute.

Atseden hartzeko eta lotarako aukera zabala dago Baztanen, baina Apopilo elkartean dauden landetxeek bereizgarri bat dute: bertakoaren aldeko apustua egin dute. Produktu jasangarriak eta ekologikoak eskaintzeko eta zerbitzua euskaraz emateko konpromisoa hartu dute; gure herria, gure produktuak eta gure hizkuntza aldarrikatu eta bultzatu nahi dituztelako.