“Ongi etorri Bortzirietara” bideoa aurkeztu dute etorri berriei harrera egiteko

Honako hau etorri berriei harrera egiteko espreski Bortzirietan egiten den bigarren bideoa da, lehenbizikoa 2019an egin zen. Bideoaren helburua da Bortzirietara ailegatzen diren migratzaileei harrera egitea, aniztasuna aitortzea eta euskarari buruzko informazioa eta baliabideak eskaintzea. Gidoiaz eta ekoizpenaz euskara zerbitzua arduratu da eta grabazioa eta edizioa Katubiko Oier Fuentesek egin ditu.

Ekoizpen berri honek zenbait berritasun dakartza, alde batetik, arrazakeriaren aurkako ikuspegia berariaz eta modu esplizituan jorratzen da, eta, bertzetik, Bortzirietako herritar anitzei ahotsa eta ikusgarritasuna ematen zaie. Bideoak osorik 5 minutu eta 28 segundoko iraupena du, eta asmoa da etorkizunean hiru bideo labur egiteko. Herritar orok ikusteko modukoa bada ere, bereziki zuzendua dago migratzaileei, Bortzirietara bizitzera heldu berri diren pertsonei.

Hizkuntzak

Bideoko protagonistek euskara, gaztelania eta errumaniera darabilte. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, bideoa bertze 8 hizkuntzatan azpititulatua dago: arabiera, errumaniera, errusiera, frantsesa, ingelesa, katalana, portugesa eta ukrainera.