Mintzapraktika egiteko izen ematea zabalik

Mintzapraktika taldeetan izena emateko garaia da udazken hasiera hau. Euskaraz gehiago aritu nahi dutenak, eta, euskara ikasteko, gehiago praktikatu nahi dutenak biltzen dira herri askotan.

Mintzapraktikaren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da, horixe baita mintzapraktika egitasmoen helburua: euskaraz aritzeko guneak eskaintzea. Normalean, maiztasuna asterokoa izaten da, baina badaude beste maiztasun batez elkartzen diren taldeak ere, hala nola, bi astean edo hilabetean behin.

Mintzapraktika modu askotan egin daiteke: kafe baten bueltan, paseoan, mendian, josten… Azken urteetan ugaritzen joan dira zaletasunei lotutako taldeak, hizkuntzaren praktika gure eguneroko jardueretan txertatzeko aukera emanez. Hitanoa lantzeko Hiketalagun taldeak ere badaude, baita Gurasolagun taldeak ere, jolas, txango eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek elkarrekin euskaraz aritzeko aukera izan dezaten. Mendilagunek ere ibilbideak egingo dituzte euskaraz egin bitartean. Antzera ariko dira kakorratz-taldekoak, Irakurzale klubekoak, eskaladakoak, dantza errazen taldekoak... Eta azkenik, azaroan, online taldeak ere abiatuko dira.

Taldeak ez ezik, ekintzak ere antolatzen dituzte egitasmoetako dinamizatzaileek euskarazko aisialdia sustatzeko: tailerrak, irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak...

AEK zein Taupa Mugimenduak eskaintzen dituzte taldeak. Eta doakoak dira!!