Martxoaren 8rako zenbait proposamen

Nafarroako 25 toki entitatek elkarlanean landu dute martxoaren 8ko emakumeen nazioarteko eguna. “Mundu feminista planeta jasangarri baterako” lelopean, programazio zabala prestatu dute Nafarroako herri askotan. Jarduera horietako gehienak martxoaren 8aren inguruan eginen badira ere, badira ia hilabete osoa hartuko duten ekitaldi batzuk ere. Horien artean daude artikulu honetan nabarmendu ditugun hiru erakusketak.

Euskal Herriko genealogia feministen erakusketa Arbizun

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak Gorputz Grafiak, Memoria feministaren marruak erakusketa antolatu du Arbizun. Erakusketaren helburua Euskal Herri Mugimendu Feministaren ibilbidea irudikatzea da, gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat liburua oinarri hartuta, hainbat eduki eta material grafiko eskainiko ditu: antolaketa ereduak, jardunaldiak, eztabaidak, aldarrikapenak eta lan-molde nagusiak bildu dituzte, 60ko eta 70eko hamarkadetatik gaur egunera arte. 

Erakusketa Emagin ikerketa eta dokumentazio zentro feministak prestatu du. Honela aurkezten dute erakusketa: “Iraultza txiki bat egin nahi dugu Gorputz Grafiak Memoria feministaren marruak erakusketarekin; izan ere, memoria erresistentzia praktika bat da. Ez bakarrik errelato ofizialek kontuan hartu ez duten hori barnebiltzeko saiakeragatik, baizik eta gaur egun garena eta etorkizunean izanen garen horrekin, jokoan sartzen garelako. Subjektu, harreman eta iruditeri berriak sortu nahi ditugu; izendatzeko beldurra eraitsi nahi dugu; ahanzturari galga jarri. Jakin badakigu ahanzturak memoriaz josita dauden bezalaxe daudela oroitzapenak, eta guk, gaur, hautu politiko bat hartu dugu: ez zaituztegu ahaztuko”. 

Erakusketa Arbizuko udaletxeko batzar gelan egonen da martxoaren 24ra arte, astelehen, asteazken eta ostegunetan, 16:30etik 19:30era. Martxoak 10, 12, 17 eta 24an, 18:00etan bisita gidatuak izanen dira. Aldez aurretik izena eman behar da berdintasuna@sakana-mank.eus helbidean.

Baztanen euskara sustatu duten emakumeei aitortza 

Baztango Kultura eta Berdintasun Batzordeak Hemen baditun 14 erakusketa antolatu du. Erakusketak XX. mendean euskararen alde lan egin duten 14 emakumeren berri ematen du: Perpetua Saragueta, Maritxu Viscarret, Feli Setoain, Mikaela Labayen, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola, Luzia Goñi, Mikela Gastesi, Ceferina Fontellas, Ana Maria Echaide, Mirentxu Loyarte, Xole Erbiti, Pakita Zabaleta eta Sagrario Aleman dira protagonistak. 14 emakume horiek euskararen sustatzeko egin duten lana aitortzea du helburu. 

Erakusketan profil pertsonal eta profesional ezberdineko hamalau emakume bildu dira, XX. mendean zehar euskararen sustapen eta normalizazioaren alde aritu direnak hainbat esparrutan, hala nola irakaskuntzan eta ikerkuntzan, musikagintzan, kazetaritzan, idazkuntza eta bertsolaritzan, zinemagintzan, administrazioan, merkataritzan edota hizkuntzaren beraren memoria eta testigantza iraunarazten, etxean nahiz plazan. Isilpean ala itzalean jardun dute urtetan, zailtasun anitzei aurre eginez. XX. mendean zehar emakume izanagatik pairatutako zailtasun eta trabez gain, euskaraz jardutearen zailtasuna ere jasan dituzte.

Erakusketa Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko 1. solairuan egonen da martxoaren 8tik martxoaren 26ra arte, astelehenetik ortziralera, 17:30etik 21:00etara.

Leitzaldean Zaintza pandemia garaian

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko prebentzio programak eta Berdintasun Zerbitzuak Zaintza pandemia garaian izeneko argazki lehiaketa jarri zuten martxan. Lehiaketaren helburua zaintzak bizitzaren sostengurako zenbaterainoko garrantzia duen islatzea da eta, beraz, tratu onak balorean jartzea. Guztira 17 argazki aurkeztu ziren lehiaketara. Argazki horiek jendaurrean jarriko dituzte.

Zaintza pandemia garaian erakusketa Leitzako garbilekuan egonen da martxoaren 8tik 17ra. Martxoaren 9tik 21era, berriz, Aranoko elkarteko arkupean egonen da.