Martxan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 

Larunbatean eman zioten hasiera 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari, Hazparnen. Abenduaren 20an jokatuko da finala, beste behin ere, Iruñean. Tartean, hiru hilabete ditugu 50 bertsolarien arteko lehiaz gozatzeko.

 

Hiru fase

50 bertsolari lehiatuko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Lehia hiru fasetan banatuko da. Lehenengo fasean zazpi saio jokatuko dira, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan bana. Herrialdeetako txapelketatik sailkatutako 42 bertsolari arituko dira, eta horietatik 17 igaroko dira finalaurrekoetara. Bertan, haiekin batera, 2022ko zazpi finalistak lehiatuko dira bi itzulitan. Finalean, berriz, 2022ko txapelduna eta finalaurrekoetatik sailkatutako zazpi bertsolariak arituko dira.

 

Hiru saio Nafarroan

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako hiru saio jokatuko dira Nafarroan. Altsasun jokatuko da horietako lehenengoa, larunbat honetan, hilaren 26an, 17:00etan. Eneko Araiztegi, Eñaut Martikorena, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor, Oier Etxeberria eta Txaber Altube lehiatuko dira bertan. 

Txapelketa Nafarroara itzuliko da urriaren 24an: Lekunberrik finalaurreko lehen kanporaketa hartuko du. Bertan sartuko dira lehian 2022ko txapelketan finalista izan ziren Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi. Gainerako 4 bertsolariak lehenengo fasetik sailkatuko dira. 

Nafarroan erabakiko da 2026 Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Abenduaren 20an izanen da finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. 

 

www.bertsosarrerak.eus

Sarrerak salgai daude. Finalerako autobusa hartzeko aukera ere izanen da (laster eskuragarri).