Jijaua: Lagunarteko hizkera kolokiala sustatzeko gunea

Euskara kolokial estandarraren hutsunea betetzen laguntzera iritsi da JIJAUA: lagunarteko euskara batua.

Jendarte-talde guztiek dute, modu kolokialean ari direnean, hitz egiteko era propioa, besteengandik bereizten dituena; izan gazteak, izan tabernariak, arrantzaleak edota bestelako ogibidekoak. Horixe da jijaua. Gure inguruko erdaretan mintzamolde horiei ”argot” edota “jerga” deitu izan zaie. 

Euskaraz ere badago lagunarteko hizkera, jakina; ordea, gure hizkuntzak bizi duen egoera minorizatu eta diglosikoa dela eta, hizketa molde honetako hitz asko eta asko ahaztuta edota jaiotako euskalkian isolaturik geratu dira. Halaber, esan beharra dago erdarek erabiltzen duten hizkuntza kolokialak eta inguratzen gaituzten hizkuntza hauen kultur industriak izugarrizko eragina duela euskal hiztunongan. Edozein herritan belarria adi xamar izatea besterik ez dago, flipatu, ligatu eta antzeko hitzak entzuteko. Zoritxarrez, transmisioak eta zabalkundeak huts egiten dute, erdaren mesedetan.

Webgune honen helburua, hain zuzen, euskalkietan barreiatuta dauden edota ahazte bidean ditugun lagunarteko hizkera horiek jijaua hiztegian biltzea eta zabaltzea da.

Hizkera kolokial batu autonomo bat sustatzea, euskaldun guztientzat balioko duena: horra Jijaua proiektuaren xedea. Ahalik eta gehien arindu nahi da erdarek euskarazko jardun informalean duen zama, euskararen biziraupenerako onura ekarriko duelako.

Euskara batuak utzitako hutsunea bete asmoz dator, Jijaua, lagunarteko euskara batua.

Webgunearen atal nagusian JIJAUA HIZTEGIA dago. Une honetan, 1.000 sarrera dauzka, baina handituz doa etengabe, eta datozen urteetan kopuru hori bikoizteko asmoa dute.

Hiztegia arakatzeko, aurkibidera joan eta letraz letra aztertzeko aukera dago. Bestela, ohiko bilaketa-laukia erabili daiteke, euskarazko hitza edota erdaretako baliokidearena laukian paratuta (gaztelera, frantsesa edota ingelesa) 

Informazioa osatzeko: www.jijaua.eus