Gabonetan ateratzeko gida

Gabonetako oporrak bidaiatzeko, familia edo lagunak bisitatzeko edo plan bereziren bat egiteko aprobetxatu izan ditugu. Aurtengoa, ordea, urte ezberdina izaten ari da Covid-aren ondorioz, eta Gabonetan ere eragingo du, nola ez. Beraz, planen bat egiteko asmoa baduzue, aurretik Nafarroako Gobernuak emandako Gabonetako prebentzio neurriak ezagutzea komeni da. Hemen duzue laburpentxo bat.

Gabonetan indarrean jarraituko dute Covid-aren osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio neurriek, baina salbuespen batzuk izanen dira: 

•    Mugikortasuna: Abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, Nafarroara sartzeko eta bertatik irteteko baimena ematen da senideak eta gertukoak bisitatzeko (ez oporretara edo bigarren etxebizitzara joateko). Horretarako beharrezkoa da erantzukizuneko aitorpena bete eta inprimaturik eramatea egun horietan Foru Komunitatean sartu eta ateratzeko. 

Beren ohiko bizilekura (Nafarroa) nahi dutenean itzul daitezke.

•    Ordutegia: Orokorrean ezin da zirkulatu 23:00etatik 6:00etara bitartean (premiazko kasuetan izan ezik). 

Abenduaren 24ko eta 31ko gauetan kalean egoten ahal da 23:00etara arte. Hala ere, 1:30era arte baimentzen da zirkulatzea, baina bakarrik etxetik kanpo afari bat egin ondoren etxera itzultzeko. 

•    Gabonetako bazkari eta afariak: Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean Gabonetako afariak eta bazkariak egiteko senideekin edo hurbilekoekin egiten diren bileretan, gehienez ere, 10 lagun elkartu daitezke, gehienez ere bi bizikidetza-unitatekoak.

Gainerako egunetan, bi bizikidetza-unitate desberdinetako sei pertsona elkartuko dira, gehienez ere. 

Zer egin daiteke?
Osasun-krisiaren eraginez, kontaktuen eta joan-etorrien kopurua mugatzea gomendatzen da. Baina, urrutira joan gabe ere, baditugu gozatzeko zenbait aukera: aire zabalean ibili, jatetxe batean bazkaldu, kultur eskaintzaz gozatu (ez ahaztu Elaideko agenda), landetxe edo aterpe batean lo egin… 

Urte honek gauza txikiekin gozatzen erakutsi digu. Beraz, ongi pasa Gabonetako oporretan, elkar zainduz!