Euskarazko adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak

ChatGPT, Gemini, Mistral, Siri, itzultzaile automatikoak... adimen artifizialaz (AA) inguratutako mundu batean bizi gara. Baina zer gertatzen da euskara bezalako hizkuntzekin? Hizkuntza 'txikiek' ba al dute lekurik teknologia hauetan?

Latxa

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Hizkuntza Teknologiarako Zentroak Latxa sortu du, euskarazko Adimen Artifizial (AA) ireki eta ahaltsua. Epe luzeko proiektua da, euskara beste hizkuntzen pare jarri nahi duena. Egungo bertsioak AA komertzialen gaitasun guztiak ez badauzka ere, kalitate oneko euskara sortzen du. Egileek tresna ikertzen eta garatzeko segituko dute eta erabiltzaileek ere lagunduko dute erabili ahala Latxa hobetzen.

Oraingoz, Latxak probetarako bertsio aurreratuak eskaintzen ditu, Latxa LABS. Erabiltzaileen laguntzarekin probak egin eta asmoa da zerbitzari nagusira pasatzea. Besteak beste, Latxak itzultzaile automatikoa eskaintzen du.

Latxarekin hitz egiteko.

Elhuyarren adimen artifiziala eta hizkuntza teknologiak

Elhuyar Zerbitzuak hainbat hizkuntza tresna eskaintzen ditu.

Elia

Elhuyarren itzultzaile automatikoa da. Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritzen da, eta sei hizkuntza hauen arteko itzulpenak egiten ditu: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa.

Aditu

Ikus-entzunezko edukietatik transkribapenak eta azpitituluak sortzeko tresna da Aditu. Automatikoki, hizketa-ezagutzaren teknologiak erabilita, bideo- eta audio-fitxategietako ahotsa testu bihurtu eta emaitza horrekin lan egiteko aukera eskaintzen du.

Elhuyarren TTS neuronala

Naturalak diruditen ahotsak eskaintzen ditu Elhuyarren TTS neuronalak. Ahots horiekin edozein testu irakur daiteke automatikoki 6 hizkuntzatan: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa.