Eraman euskara praktikara "Mintzapraktika" taldeetan

Euskara praktikatzeko beharra edo lagunak behar badituzu, "Mintzapraktika" taldeak aukera bikaina dira. Zu bezalako jendez osatuak daude, euskaraz gehiago hitz egiteko nahia duten pertsonak, eta ziur beste gauza asko ere partekatuko dituzuela.

Mintzapraktika egitasmoen funtzionamendua oso sinplea da: euskaraz ongi moldatzen den pertsona bat (edo gehiago), hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gairen inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan.

Hala, bada, astean behin gutxienez ordu batez euskaraz hitz egiteko talde txikiak osatzen dira. Denbora-tarte horretan talde bakoitzak erabakitzen du zer egin nahi duen, kafe bat hartu, paseatu, kirola egin… 

Ikasturtean zehar, gainera, talde guztiei zuzendutako zenbait saio osagarri antolatzen dira: mendi ibilaldiak, bisitaldi gidatuak, irteerak…

Mintzapraktika talde hauek, beraz, ez dira klaseak eta euskaraz hitz egiteko ohitura duen pertsonak ez du irakasle gisa  aritu beharrik.

Funtzionamendua sinple bezain eraginkorra da. Euskara praktikatu nahi dutenen hizkuntza maila handitu egiten da eta gehiagotan erabiltzen dute. Gainera, lagun talde berriak, esperientziak eta une dibertigarriak sortzen dira.

Izen ematea zabalik

Taupa Mugimenduak eta AEKk eskaintzen dituzte Mintzapraktika taldeak. Ziur zure inguruan badela baten bat.

Azpiko mapa honetan daude taldeak eta harremanetarako datuak: