Abiatu da “Egunean Behin” joko arrakastatsuaren 8. denboraldia

Iragan irailaren 27 hasi zen Egunean Behin jokoaren 8. denboraldia. Aurreko urtean bezala denboraldiko babeslea ETB izango da, eta denboraldiko 11 asteak amaitzean, telebista bidezko zuzeneko beste final bat egongo da.

Gurekin dugu berriro euskaldunon joko eta aplikazio arrakastatsuena, bere  zortzigarren denboraldian. Galdera eta probaz gainezka datozkigu heldu diren hamaika asteak. Eta Biba Egunean Behin telebistako zuzeneko finalak iaz izan zuen arrakasta ikusita aurten ere errepikatu eginen dute.

Hamaika astez luzatuko da denboraldia, eta ETBz gain, gainerako asteko babesleak izango dira, Elhuyar, DanobatGroup, Badalab  (Gipuzkoako hizkuntza eta berrikuntza sozialerako laborategi berria), Cikautxo, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Guuk, AEK (Aizu! aldizkariaren 40. urteurrenarekin lotuta), Ficoba (Irungo erakustazoka), ULMA enpresa taldea.

Aste bakoitzean babesle bakoitzak jarriko duen sariaz gain, sailkapen orokorrean geratzen diren hiru lehenek sari hauek izango dituzte: Samsung telebista adimentsua, Vivo 770 telefono aurreratu bat, eta Xiaomi Redmin Note 8; zozketaz, bi Chromecast, Internet bidezko zerbitzuak lotzeko telebistara.

Ohiko sariez gain, euskaratutako telefono mordoxka bat banatuko dituen sustapen-ekintza bat egingo da denboraldian zehar, zabalduko ditugu detaileak aurrerago.

Jokoaren mekanikak berdintsu jarraituko du 8. denboraldi honetan. Tarteka galdera berriak sartuko dituzte eta parte hartuko duten 60.000 lagun ingururentzat emozioa sortzen saiatuko dira.

8. denboraldia abenduaren 12an amaituko da, eta data horretatik Gabonak bitartean, zuzeneko telebistako final hori egingo da. Uztailean egin zenaren antzekoa izan liteke, baina detaileak hurrengo aste hauetan finduko dira.